"Kolegioan euskaraz : etorkizunerako erronka!”

2024-04-03 Catégorie :

Lehen mailaren ondotik irakaskuntza elebiduna segitzea funtsezko urratsa da gero hiztun osoa bilakatzeko. Euskararen Erakunde Publikoaren partaidetzarekin, 64 Departamenduak eta Hezkuntza Nazionalak komunikazio kanpaina bat abiatu dute, euskara-frantses elebiduna bilakatzeak ekartzen dituen abantailak eta euskara ikasteko ibilbidearen jarraipenaren garrantzia oroitarazteko.

Kanpainak zabaltzen duen informazioa haurrei eta horien gurasoei zuzendua zaie lehenik, nahiz eta publiko zabalagoak, profesionalek edo euskararen transmisioan interesa duen edonork ere interesa ukanen duen. Helburua eskola-ibilbide elebidunaren jarraipenera sentsibilizatzea da, eta bereziki, hainbat arrazoirengatik segitzeko dudak dituzten haur eta gurasoak lasaitzea, informazioen eta lekukotasunen bidez. Mezu nagusia argia da: euskara ikasten segitzea haur guzientzat eskuragarria eta onuragarria da.

Ikastetxeetan euskararen irakaskuntza elebidunarekin lotuak diren hainbat gairi buruzko bideo-kapsulak arian-arian hedatuak dira kanal digitalen bidez, familietan ikastetxeko orientazioa erabakitzen den aldi honetan.

Film horiek liburuxka inprimatu batekin osatzen dira, testu laburren formatuan deklinatua eta elementu grafikoetan aberatsa. Liburuxka horretan, haurrek eta gurasoek eskolan segitzeko unean egiten ahal dituzten galderei buruzko informazio nagusiak biltzen dira. Horrela oroitarazten du hizkuntza ikasten segitzearen garrantzia kolegioan, hiztun osoa bilakatzeko. Lizeoan eta goi-mailako hezkuntzan hizkuntza ikasten jarraitu nahi duten ikasleei eskaintzen zaizkien bideak eta abantailak aipatzen dira ere. Bistan dena, hiru sareetako ikastetxe elebidunen aurkitegi osoa atzematen da.

EEPrentzat, komunikazio euskarri horiek, eskola eta kolegioetako irakasle eta administrazioen esku diren tresnak ere izan nahi dute, hunkiak diren familiekin oinarrizkoa den komunikazio-lanerako, horiengandik ahalik eta hurbilen.

 

<- retour vers Berriak