Euskalgintzako eragile pribatuen laguntzea

Partaidetza, hitzarmenaren jarraipena eta animazioa bi mailatan egiten dira:

  • lehena, maila estrategikoko Gidaritza Batzorde baten bidez. Eusko Jaurlaritzaren aldetik Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria daude, eta Euskararen Erakunde Publikoaren aldetik: lehendakaria eta zuzendaria. 

  • eta bigarrena, Batzorde tekniko baten bidez. Bi erakundeetako teknikariek osatu batzordea da, Euskararen Erakunde Publikoaren zuzendariaren eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariaren agindupean.

 

 

Euskal Autonomi Erkidegoarekin antolatutako partaidetza estu baten bidez...

Lankidetza esparrua

2007ko otsailaren 7an, Euskararen Erakunde Publikoko Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuak, 2010. urte arte bi erakundeen artean euskararen aldeko hizkuntza politikaren inguruko lankidetza garatzeko esparrua finkatzen duen partaidetza hitzarmen bat izenpetu zuten. Geroztik, hitzarmen hori bi aldiz arraberritua izan da, lehenik 2011an eta 2016an gero.  

Hirugarren epealdi honen bukaeran, izenpetzaileek erabaki dute 2021-2025 epealdirako esparru-hitzarmena berriz bideratzea, Eusko Jaurlaritzaren eta EEPren artean euskararen hizkuntza politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea berretsiz eta erakunde mailako harreman iraunkorrak egonkortuz, herri-erakunde bakoitzaren erabaki-autonomia eta funtzionamendu-arauak errespetatuz. 

Aurrekoak bezala, txosten honi erantsirik zaion Hitzarmen-marko berriak, bi instituzioen arteko elkarlanaren esparru orokorra zehazten du, bai eta lankidetzan eramaten ahal litezkeen jarduerak ere. Finkatzen du ere urtero izenpetuko den eranskin batek zehaztuko dituela urtean Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen erakunde publikoak lankidetzan eramango dituzten jarduerak, bai eta bi partaideen ekarpenekin lankidetzarako osatu fondo baten bidez Iparraldeko eragile pribatuak diruz laguntzeko antolatu dispositiboaren modalitateak.

Mugaz gaindiko lankidetza hori, erakunde bakoitzak bere aldetik zehaztutako politiketan oinarritzen da:

● Euskal autonomia-erkidegoko hizkuntza-politikaren orientazioak definitzen dituen Eusko Legebiltzarrak 2013ko irailaren 11n onetsitako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana alde batetik,

● eta bestetik Euskararen Erakunde Publikoak 2006ko abenduaren 26an adostu Hizkuntza Politika Proiektua, kontuan hartuz, lehentasunak berriro definitu direla 2018ko abenduaren 19an EEPko kide guztiek  onartutako 2018-2022 Proiektu Estrategikoaren definitze lanetan. EEPren Proiektu Estrategikoaren jarduna honako erronken inguruan finkatua da:

  • Euskararen transmisioa garatzea, bereziki helduen euskalduntze eta irakaskuntza arloetan
  • Haur eta gazteengan eragin zuzena duten erabilera eremuak garatzea, bereziki taldeko aisialdi harrera eremuan eta kirol jardueretan
  • Euskarari gizartean egiazko lekua emanen dion ingurunea garatzea, hedabide, Internet, bideojoko, liburuen ekonomia arloetan eta bizitza sozialaren eremuan ekintza egituratzaileenak lehenetsiz

 

2021-2025 epealdirako lerro nagusiak

Eusko Jaurlaritzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren egitekoak eta lan-lerroak kontuan zanik, ondoko arloetan elkarlanean jarduteko borondatea adierazten dute bi izenpetzaileek:

Mugaz bi aldeetako erakunde publikoek erronka horiei lotutako jarduerak elkarrekin antolatzeko edo sustatzeko konpromisoa hartzen dute:

  • Euskararen transmisioa: erronka horrek adin guztietako hiztunen kopurua emendatu nahi du, eta ondorioz, aitzineko urteetan inkesta soziolinguistikoek agerian jarri duten hizkuntza galera aldatu.
  • Hizkuntzaren presentzia eta erabilera: euskararen presentzia eta erabilera garatu nahi da bizitza sozial publiko zein pribatuaren alor guztietan.
  • Hizkuntzaren kalitatea: hizkuntzaren kalitatea zaindu eta areagotu hahi da, ahoz eta idatziz, erabilera publiko zein pribatuko esparru guztietan.
  • Gogoa ematea:  zeharkako izaera du. Helburua da aldeko jarrera piztea, gizartearen atxikimendua azkartzea, eta euskararen erabileraren aktibazioa bultzatzea.

Elkarlana, urteko eranskinak zehazten du:

  • Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko ekimenak
  • Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren sustapen-lerroak ipar Euskal Herriko eragile pribatuei dagokionez.

 

2024ko eranskina

Iragan urteetan eramandako lanaren jarraipenean, 2024ko eranskinak bi instituzioen artean, urtean zehar eramanen den lankidetza eta Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak iparraldeko eragileei zuzendutako diru-laguntzak emateko moduak zehazten ditu. 

●  Partaidetza teknikoak:

  • Gaitasun agiriak: Iparraldeko azterketa hauen kudeaketarako plataforma digitalaren sortze-lanek dira EAEko HABEko zerbitzuekin

  • Helduen euskalduntzea:
    • EAEn helduen euskara irakaskuntzarentzat lagungarriak diren tresna eta dispositiboen azterketa
    • Ingura euskara online ikasteko ingurune digitala proiektua Ipar Euskal Herriko ikasleen beharretara egokitzeko beharrezkoak diren egokitzapenak eta lanak aztertzea
  • Itzuli eta Itzuli Desktop: Eusko Jaurlaritzak garaturiko Itzuli itzultzaile neuronalean euskara/frantsesa eta frantsesa/euskara bertsioaren garapen lanen segitzea, eta bestalde Eusko Jaurlaritzak garatu Itzuli Desktop barran EEPren Nola erran hiztegia txertatzeko lanak bukatzea

  • Inkesta soziolinguistikoa: 2024an partaideek VII. inkesta soziolinguistikoari dagozkion liburukiak argitaratu eta zabalduko dituzte euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelese

 

 

●  Ipar Euskal Herriko eragile pribatuen lana diruz laguntzea 

2024ko, 1.930.000 €ko lankidetzarako fondoa eratuko da, alde bien ekarpenez. Lankidetzarako fondo hori bi dirutza multzotan banatuko da:

  •    1.793.500 € jarriko dira Iparraldeko eragile identifikatuen diruz laguntzeko, hitzarmen baten bidez beren urteko jarduera lotuz.
  •    136.500 € jarriko dira, beste edozein eragile pribatuk aurkeztutako proiektu puntualen diruz laguntzeko, antolatuko den Hizkuntza jarduera Proiektu deialdi baten karietarat.

  

2021-2025 esparru-hitzarmenari dagokion 2024ko eranskinaren kargatzeko lotura

Xehetasun gehiago

 

Euskararen Erakunde Publikoko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak 2021eko martxoaren 31an izenpetu 2021-2025 Esparru-hitzarmena kontsultatu